Mugikorrarekin erosten
Denok entzun dugu mugikorretik ordainketak egin ahalko ditugula, badakigu etorkizunean ordainketak egiteko beste sistema bat gehiago izango dela eta askok uste duten bezala gaur egun ezagutzen ditugunak gaindituko dituela. Kaletik dirurik gabe eta kreditu txartelik gabe joatea oso erosoa izango da eta beti gainean eramaten dugun eta eramango dugun mugikorraren bitartez egin ahalko ditugu ordainketak. Urte asko daramatzagu NFC teknologia ordainketetarako tresna egokia izango dela entzuten, nahiz eta gureganaino oraindik ez den erabat etorri, orain hasi gara NFC-a ekartzen duten mugikorrak gure inguruan ikusten eta hau erabilita kobratzeko prest dauden dendak oraindik ez dira oso ugariak. Gauza berri guztiak integratzeko gertatzen den bezala, sistema hauek progresiboki etorriko zaizkigu, horregatik, nahiz eta mugikor bidez bakarrik ordaintzeko aukera egon, erdibideko soluzioak ere agertzen ari zaizkigu.
Sistema hauek ez erabiltzearen arazoetako bat dendek egin beharreko integrazioa izango litzateke, ordainketa hauek ahalbideratzeko sistema berriak instalatu beharko dituzte eta beraien gaur egungo sistemekin integratu. Pausu hau ematea ez da erraza izaten eta oraindik jende asko mugikorretik ordaintzeko intentzioarekin dagoen ala ez ezin da hain erraz neurtu. Dendek pausu hau ematea ezinbestekoa da sistema hauen funtzionamendurako, horregatik pausu hau errazten bada sistema hauek azkarrago ezarriko dira. Hau Twitter-en sortzaileak ikusi zuen eta Square sortu zuen hau guztia abiarazteko. Bestalde, orain dela oso gutxi aski ezaguna dugun PayPal ere honekin sartu da, "PayPal Here" izeneko sistemarekin.
Square eta PayPal sistemak internet bidez ordainketak egiteko balio dute, bertan bakoitzak dirua izan dezake edo txartelak edo bankuko kontu korrontea bere kontura lotuta izan ditzake. Internet bidez ordainketa bat egin nahi denean zerbitzu hauek pasarela bezala funtzionatzen dute, ordainketa beraiek erdian egonda gertatzen bait da. Zuk beste bati zerbait erosten diozu eta, adibidez, PayPal sistemaren bidez ordainduko diozula adosten baduzue, PayPal-ek diru kopuru hori kobratuko lizuke eta PayPal-ek besteari diru hori emango lioke. Prozesu honetan, nola ez, PayPal-ek komisio bat eramaten du. Horrelako sistemek badute fidagarritasun maila altua eta Internet bidez ordainketak egitera ausartzen ez denarentzat zerbitzu seguruak dira.
Squarek edo Paypal Here-ek ekartzen diguten abantailak dendentzako edo produktuen saltzaileentzat dira gehienbat. Sistema hauekin zure mugikorra TPV bihurtu daitekelako, hau da, zure mugikorraren bidez bezeroari kobratu diezaiokezu. Internet bidez edo sistemaren erabiltzaileen arteko ordainketak jadanik ezagutzen ditugu, baina mugikorrean konektatzen den txartel irakurgailu berezi batekin txartel bidezko ordainketak egitea errazten du. Ekartzen dituzten aplikazioek ordainketak egiteaz gain zure produktuen inbentarioa eramatea ere eskaintzen dute eta sistema portatilak izango lirateke, edozein lekutan erabili daitezke eta ez da beharrezkoa inolako instalaziorik egitea. Hori bai, gero eta ohikoagoa den bezala, Interneterako konexioa izatea beharrezkoa izango da.

Zerbitzu hauek momentuz Estatu Batuetan, Canadan, Australian eta Hong Kong-en erabili daitezke eta ordainketa hauengatik kobratzen dituzten komisioak %2,7 eta %1,7 artean dabiltza. Zalantzarik gabe oso aukera interesgarria da eta mugikorraren bitartez egingo diren ordainketa hauetara ohitzeko erdibideko sistemak zer esan haundia emango dute. Beraz, mugikorretik ordainduko dugu eta mugikorretik kobratuko dugu hemendik gutxira, sistema hauetara moldatzen joan beharko gara pixkanaka pixkanaka.
Unai Bilbao @unaitxo | 2012-03-30 09:26 | 0 comentario(s) |
Comentarios
No hay comentarios







